Un prophete

Luistxo — 2010/04/07 17:18:00 GMT+2
Urtea
2009

Un Prophete film frantziar bikaina da. Cannes 2009 zinemaldian, Epaimahaiaren sari berezia. Zuzendaria: Jacques Audiard. Aktore nagusiak: Tahar Rahim eta Niels Arestrup. Gidoia: Thomas Bidegain eta Jacques Audiard. Wikipediako informazioa hemen.

Hiru hizkuntzatan ditu dialogoak film honetan. Frantsesa, korskikera eta arabiera dira hizkuntza horiek. Hizkuntzek garrantzia dute traman, noiz nork zertan diharduen; besteek ez ulertzeko moduan darabilte korsikera edo arabiera pertsonaiek batzuetan. Kode/hizkuntza aldaketa horien berri azpitituluen bidez jarraitu daitekeela pentsatu dut, eta azpititulu hauek prestatu: partzialak dira, zeren eta euskarazko parteak korsikera (eta arabiera) azpititulatzeko erabili dut, baina frantsesari ez diot jaramonik egin.

Izatez, lau bertsio prestatu ditut pack edo sorta honetan:

  • profeta-fr-eu-eu: Frantsesezko parteak, azpititulurik gabe; korsikerazkoak euskaraz, eta arabierazkoak euskaraz baina kurtsiba edo italikoz.
  • profeta-fr-eu-en: Frantsesezko parteak, azpititulurik gabe; korsikerazkoak euskaraz, eta arabierazkoak ingelesez.
  • profeta-es-eu-eu: Frantsesezko parteak, gaztelaniaz; korsikerazkoak euskaraz, eta arabierazkoak euskaraz baina kurtsiba edo italikoz.
  • profeta-es-eu-en: Frantsesezko parteak, gaztelaniaz; korsikerazkoak euskaraz, eta arabierazkoak ingelesez.

Lehen bi aleak Iparraldeko lagunentzat, edo frantsesa menderatzen dutenentzat. Frantsesez ez dakigunontzat, gaztelaniazko azpidatziak frantsesezko parteentzat. Kurtsiba erabiltzea arabierarentzat... bada errekurtso bat hortik aurki daitezkeen azpitituluetan topatzen dena, hizkuntzaz aldatzen direnean kurtsibara jotzea azpitituluek. Baina kasu honetan hiru hizkuntza izanda, are zailagoa da hori, horregatik ñabardurak arabierazko eta korsikerazko jardunak azpitituluetan desberdintzeko. Hala ere, film azpititulatuak ikusteko orduan, kurtsibak ez dira beti ageriko egiten, segun zer sistema darabilzun.

Hizkuntza aukera honetan, uste dut tokatzen zela korsikeraren ordezkoa izatea euskara.

Euskarazko testuak neureak dira, baina ingelesezko eta gaztelaniazkoak hortik dauden gordailuetatik hartu ditut. Gaztelania Argentinakoa da, jakin ezazue.

Torrentetan-eta topa daitezkeen bi bertsio hauekin sinkronizatuta daude fitxategiak:

  • Un.Prophete.2009.DVDRip.XviD.AC3.5.1.HORiZON-ArtSubs
  • Un prophete.Dvdrip.Xvid.Mp3
application/rar UnProphete_euPack.rar — application/rar, 66 KB