Sennen Joyû (Millennium Actress)

Filmazpit-etik — 2011/12/25 15:57:00 GMT+2

Anime hunkigarria, kritikarien arabera. Chiyoko emakumezko aktorearen eta bere maitasun ezinezkoaren istorioa. Chiyoko zaharra delarik, haren gaineko erreportaia egiten ari da kazetari bat, eta atzera begiratzen duten heinean, errealitatea eta Chiyokoren film nagusietako pasarteak nahasten dira.

Zuzendaria eta istorio originalaren egilea: Satoshi Kon. Gidoia: Sadayuki Murai, Satoshi Kon. Pertsonaiak: Takeshi Honda, Satoshi Kon. Animazio zuzendariak: Takeshi Honda, Toshiyuki Inoue, Hideki Hamasu, Kenichi Konishi, Shogo Furuya. Ekoiztetxea: Genco. Animazio estudioa: Mad House. Nazionalitatea: Japonia. Hizkuntza: japoniera. Izenburua: 千年女優, Sennen Joyū (jp), Millennium Actress (en), Milurteko emakume aktorea (eu). IMDB

Bi aukera daude erantsitako fitxategian. Bata da Filmazpit-eko originala eta ez dakigu zein bertsiokoa den, bakarrik 25 FPSekoa dela. Beste sinkronizazioa 24 FPS edo Frame Per Second-era ekarri dugu (azalpenak FPS kontu honi buruz wikian) eta bateragarria da bertsio honekin:

 Millennium Actress 2001 DVDRip JeeJa

JeeJa izeneko bertsio horrek audioa jatorrizko japonierazkoa du, eta .idx eta .sub luzapeneko artxibo parearekin dator: ingelesezko azpidatziak dira horiek; fitxategi horiek ezkutatu edo izenez aldatu, euskarazkoekin ikusi ahal izateko. Era berean baliteke JeeJa SRT hori bat etortzea beste honekin ere:

 millennium_actress[h264.ac3][niizk][994D1450] 

Azpitituluok egin ziren Donostiako 2008 urteko fantasiazko eta beldurrezko astean proiektatzeko. Orain Filmazpit-ek sareratu ditu.

application/rar Milurtekoa-eus.rar — application/rar, 41 KB
Joxe Aranzabal dio:
2017/11/04 13:04

Itxura guztien arabera, “Sennen Joyû” film hau oinarrituta dago, neurri batean behintzat, Setsuko Hara emakume aktore japoniarraren bizitzan, japoniarrek “Betiereko birjina” deitu zuten harengan.

Setsuko Hara 15 urterekin hasi zen zineman aktore gisa, Bigarren Mundu Gerra piztu baino lehen. 1937an ezagun egin zen “Atarashiki Tsuchi” (Lur berria) film germaniar-japoniarrarekin. Gerra ondoren, berriz, Japoniako zuzendari onenekin egin zuen lan: Kurosawa, Ozu, Yoshimura, Naruse eta Kinoshita.

Yasujiro Ozu zuzendariarekin sei film egin zituen. Ezagunenak dira Banshun (1949), Bakushû (1951) eta Tokyo Monogatari (1953). Hiru hauetan Noriko izeneko emakume bat antzezten du, baina oso egoera desberdinetan.

Ozu hil zen urte berean, eta 43 urte zituela, zinema utzi eta Kamakuran jarri zen bizitzen, Ozurekin egindako film asko errodatu ziren lekuan, Tokiotik gertu. Mende erdiko bakartasuna igarota —aldi hartan Harak apenas eman zuen elkarrizketarik—, 2015ean hil zen Setsuko Hara, 95 urte zituela.