Deskargak zenbakitan, jaitsienen estatistika

Luistxo, Azpitituluak.com — 2012/01/17 20:38:00 GMT+2

Aukera tekniko berri bat Azpitituluak.com-en: deskargen estatistika. Urtarrilaren 10ean hasi zen kontatzen, eta hori izango da, datu honi dagokionez, zero eguna (iragarri aurretik astebete itxoin dugu klik batzuk pilatu zitezen). Deskargatuenen orrian agertuko da datua, eta baita filmez film (edo telesailez telesail). Film baten kasuan, erantzun katean bertsio bat baino gehiago badago, deskarga bakoitza filmaren batuketan zenbatuko da. Telesailen kasuan ere, atal edo denboraldi bakoitzeko deskarga bakoitzak, sail osoaren estatistika gizenduko du.

Hor duzue, beraz, azpititulu deskargatuenen orria.

Deskargen kontu hau, eta azken asteetan egindako beste nobedade tekniko batzuk (aurkibide txukunagoa eta bilaketa funtzioa), Luistxo webmasterraren lankide Gari Araolaza, Aitzol Naberan eta Mikel Larreategik eginak dira. Lankideak gara CodeSyntax-en eta webgune hau enpresaren ekimena ez den arren, niretzat suertea da haien ondoan lan egitea, ingeniariak baitira lagun horiek eta niretzat ezinezkoak diren gauzetan laguntzen didate, pro-bono. Txalo bat haientzat, beraz, eta auto-propaganda apur bat CodeSyntax-entzat.

Webmasterrak bere kasa beste kontu batzuk ere gehitu zizkion webguneari 2011ko azken hiruhilekoan: irudiak ekarpenak ilustratzeko; Twitter kontua, e-posta bidezko buletina... Horri batuz 2011.a urte benetan oparoa izan zela euskarazko azpitituluentzat, pozik ekin diogu 2012ari :)