Andrei Tarkovski: bilaketa baten heptalogia

Boris Grushenko — 2016/05/18 08:33:00 GMT+2

"Erlijioa, filosofia eta artea - munduak atseden hartzeko erabiltzen dituen hiru zutabeak - infinitoaren ideia laburtzeko asmatuak izan ziren". Andrei Tarkovski (1932-1986)

Errusiar zuzendari honen filmak mistizismoak hartuta badirudite ere, sortzen duten dardara erreala da. Gauza arruntenekin ere liluratzeko arrazoiak aurkitzen zituen gizona zen Andrei: poesia, filosofia, teologia, historia, Biblia, Lao-Tse... Baina ez gaitezen ikaratu, gertakari sinestezinei ere azalpen zentzudun bat ematen die, eta lortzeko kultura eta metafisika nahasteko teknika bat sortu zuen. Tarkok ez zuen lokatzik ikusten, lurra eta uraren arteko nahasketa baizik.

Itzul gaitezen errealitatera, ze 7 film hauek, globalean, istorio bakar bat da kontatu nahi digutena: haurtzaroa, aitaren desagerpena, hezitzea, amaren babesa, gizonak bidean eta, eta... Bidaian dabiltzan monje, kosmonauta, abenturazale eta sekretuz betetako mundu bat. Dena izan daiteke Hasiera bat Tarkorengan: ekintzak, hitzak eta isiltasuna. Nahiz eta guk ikusi ez, gertakari guztien azalpena hor, kompromezu ero baten erronkari aurre egiten. Baina ongi uler dezagun "eromen" hau, ze askatasuna aurkitu nahi duten horien ekintzetan datza. Honela ikus dezakegu zuzendari honen obra, mindutako errebelde baten filmografia bezala. Bere bilaketen norabidea marraztu zuten 7 filmak errealitatez jantzita daude, hiruki baten barnean borrokan dagoen errealitatea: gizabanakoa, mundua eta denbora.

Teilapetutako gurutzeak gustoko? Aurrera pausoa.

Ivanovo detstvo (Ivanen Haurtzaroa) (1962)

Errusiara iritsi zen lehendabiziko Urrezko Lehoiaren irabazlea. Alemaniarrek bere familiarekin bukatu eta gero, armada gorriarendako lan egiten hasten da. Bigarren Mundu Gerran gizon heldu baten papera egitera behartutako 12 urteko mutil baten historioa.

Andrei Rublev (1966)

Mosfilmek Erdi-Aroko fraide honen istorioa filmatzeko baimena eman zuen eta baita finantziazioa ipini ere. Agintariek eszenak moztu eta elkarrizketak aldatzeko eskatu zioten, noski. Andreirengan oso kritika gogorrak erori ziren bai Sobiet Batasunean, bai zinemaldi internazionaletan, eta estreinaldia bertan behera geratu zen.

Solaris (1972)

Sei urte pasa behar izan ziren, Errusiaren historiarekin zerikusirik ez duen filma, filmatzeko baimena lortu zuen harte. Zientzialari bat galdutako planeta baten estaziora bidaltzen dute, misioan. Urpetutako planeta honetan mediku baten heriotza ikertu behar du, baina oso bizirik dagoen Ozeano eskuzabal eta doilorrak, bere barnean ezkutaturik dituen zalantza, arazo eta minak kanpora aterako dizkio.

Zerkalo (1975)

Tarkovskiren lehen dibortzioa eta seme baten jaiotza bitartean egon zirela filmatu zuen hurrengoa. "Zerkalo" edo Ispilua: erabaki latz askoren emaitzak daude ispilu horretan. Sinopsia: Aleksei, bere emaztearekin, beraien egoera eta urruntze baten arrazoiei buruz... Eta tartean XX. mendeko gertakari garrantzitsuenak, izatearen oroitzapen eta sentimenduak.

Stalker (1979)

Stalkerren, gure filmik gogokoenean, etorkizuna eta familiaren hausnarketa bat oparitzen digu bi gizonezkoren bidaia Gunean zehar, haien desirak bete ditzaken Logelaren bila, Stalkerrek gidatuta. Nork ukituriko lurra da hau? Zer gertatu da hemen? Gunea bada. Gaua aurkitu behar duzue Gunean zuen burua aurkitzeko.

Nostalghia (1983)

Film honetarako "Tempo di viaggio" bat pasatu zuen Italian, itzuli nahi baina noiz egingo duen ez dakien poeta baten bidaia filmatzeko. Andrei Goreakov, poeta errusiarra, eta Eugenia, Italia zeharkatzen dute XVI. mendeko musikari baten bizitza ikertzekotan. Domeniko eroarekin topo egiten dute eta Jaiotza, espirituaren haragitzea eta erbesteratze baten bilaketa erakutsiko digute.

Offret (1986)

Eta, azkenik, Sakrifizioa, bere azken filma, aste honetan bertan euskaraturik igo duguna hona.

Tarkovskiren biografiaren zati asko daude film hauetan, jasan zituen zailtasun guztien isla. Andrei zentsuraren helbururik gogokoena izan zen, lan asko egin behar izan zuen bere proiektuak aurrera eramateko bidean burua galdu gabe, literalki askotan. Parisen erbesteratuta bukatu zituen bere egunak, 1986eko abenduan, baina bere egin zuen Dostoievskiren gizon errusiar horren, oso errusiarraren, ideala: gizona orojakituna izatera ailegatzen da besteen larruan sartzen.

Gainera, badirudi 2016an ere Tarkoren oihartzuna eta liluramendua sortzeko gaitasuna hortik dabilela... Omenaldia edo inkontzienteki kutsatutako Inarritu baten obra ?

Zuen zerbitzura, Tarkovskiano bat.