Berriak | Katalogoa | Espero ditugunak | Foroa | Wikia | Honi buruz

Wikia: mapa | azken aldaketak | laguntza | editatzeko, behe-behean dago aukera

Telebistan ikusi film azpititulatuak

Telebista batean ikusteko film azpititulatua, gaur egungo telebista modernoetan, Smart edo ez, egon ohi da USB zulo pendrive bat sartu eta hango filmak ikusten uzten dizuna. Ondo egokitutako telebistetan, karpeta batean denadelakoa.avi eta denadelakoa.srt jartzen badituzu, Denadelakoa filma azpitituluekin ikusiko duzu. Hala ere, ez dago fidatzerik: Telebista berria erosi behar baduzu, prestatu pendrivea fitxategi horiekin, eta dendara harekin joan probatzera.

Telebistan ikusteko beste metodo batzuk dira, bestalde PopcornTime edo KodiPrograma erabiltzea.

Smart Tv kategorian, honakoa dakigu oraingoz:

Samsung Smart TV-ak: primeran ikusten dira srt formatuko azpitituluak, avi, mp4 eta mkv formatuko filmekin bateratuta.

Philips Smart TV-ak: KONTUZ. Guk dakigunez, ez dira azpitituluak ikusten.

Panasonic Smart TV-ak: Avi formatuarekin bateratzean Srt bat, bai. Bestela arazoak. Nolanahi ere, badago truko bat mkv, mp4 eta bestelako formatuekin ere azpitituluak erabiltzeko. Pendrivean, esaterako, mkv formatuko pelikula bat badaukagu, hura erreproduzitzean ez ditu azpitituluak kargatzen eta, urrutiko aginteko options botoiari sakatuta, ez du aukerarik ematen azpitituluak aktibatzeko. Baina pendrive berean avi formatuko pelikularen bat badaukagu eta haren azpitituluak aktibatzen baditugu (options sakatuz gero ematen du aukera hori), orduan, momentu horretatik aurrera, azpitituluak ondo ikusiko dira mkv edo mp4 formatuko pelikulatan ere. Alegia, pendriveko karpetan tranpa.avi eta tranpa.srt eduki behar dira, batetik; eta pelikulaona.mkv eta pelikulaona.srt, bestetik.

LG Smart TV-ak: Ondo azpitituluak. Mkv formatuan dauden filmen audioa ezin da entzun probaturiko modeloan (42lk430 —azpi smart TV bat da—) LGk? ez duelako ordaindu horretarako kodeka.

Telebista modernoen beste aukera bat HDMI konexioa izaten da: kable batekin ordenagailura lotu, eta ordenagailuan jartzen duzuna pantaila handian ikusi dezakezu. Beraz, Vlc bideo jogaluarekin ikusten duzuna ikus dezakezu telebistan.


Usb aukera duten telebistak

Smart Tv-en azpiko eskalan, Usb zuloa duten telebistak ere badaude, pendrive batean filmak sartu eta ikusteko modukoak. Baina modelo guztiekin eta formatu guztiekin ez dabiltza.

Sony Bravia. Pendrivean sartutakoak ez dira ikusten modelo hauetan.

Panasonic Viera TX-G30E edo Panasonic G30. Avi fitxategiak ondo, mp4-ekin arazoak. Ikusi badaezpada gorago Panasonic Smart Tv-etan aplikatu daitekeen truko bat mp4 eta mkv-ak ikusteko.

Hdmi duen telebistan: erabili Chromecast

Aukera interesgarri bat, ChromeCast eta Getstreamvideo bidez ikusi pelikulak telebistan erabiliz, ordenagailuan duzuna Telebistan ikusi. Klikatu ChromeCast eta Getstreamvideo bidez ikusi pelikulak telebistan

Telebista zaharragoetan

Zaharragoak izateagatik Usb-rik ez, baina beste konexio modu batzuk dituzten telebistetan, jogailuekin (adibidez, Ltd edo Tdt deskodetzaileekin), edo Home Cinema instalazio konplexuagoekin ikus daitezke filmak.

Gertatzen dena da, film jogailu batzuekin azpitituluak badabiltzala, eta beste batzuekin ez. Dokumentatzen saiatuko gara jogailu balekoak eta balio ez dutenak: JogailuOnak eta JogailuTxarrak

Baina bitartean, disko bidez nola egin saiatuko naiz argitzen.

Nola Grabatu Disko bat telebistan ikusteko

Dvd jogailu batean disko batean filma ikusteko, Cd bat erabili dezakezu (700 Mb inguruko film bat eta bere srt azptitituluak ondo sartuko dira), edo Dvd disko bat erabil dezakezu (lauzpabost film sartu daitezke).

Grabaketa egin aurretik, prestatu filmen karpetak.

Film bat baino gehiago grabatu behar baduzu Dvd horretan, modu ordenatuan egin, film bakoitzeko bi fitxategiak karpeta banatan. Lau film sartu nahi badituzu, lau karpeta sortu, eta horietako bakoitzaren barruan, bi fitxategiak, izen berberarekin salbu eta luzapenean, steal_this_film.avi eta steal_this_film.srt

Horrela prestatu duzunean materiala, kopiatu edo erre disko hori, eta sartu jogailuan. Gailu batzuetan edo besteetan, ikusteko prozedura desberdina izan daiteke, ikus JogailuOnak horretarako. Ez badago modurik zure Dvd aparailuan azpitituluak ikusteko, zure jogailua JogailuTxarrak kategorian sailkatu beharko dugu, tamalez.


Editatzeko, erabiltzaile izena da 5 eta pasahitza 7, letrekin eta letra xehez: editatu orri hau help , subscribe