Berriak | Katalogoa | Espero ditugunak | Foroa | Wikia | Honi buruz

Wikia: mapa | azken aldaketak | laguntza | editatzeko, behe-behean dago aukera

Pista batzuk azpidatzi eraginkorrak egiteko

Egilea: Ana I. Morales

Azpidatzi eraginkorren ezaugarriak:

  1. laburrak
  2. ulerterrazak

Azpidatzi bakoitzak gehienez 2 lerro ditu, eta orotara lau bat segundo irauten du. BERAZ:

1. MOTZ idatzi:

  • gehienez ere 2 lerro
  • lerro bakoitzean 4-6 hitz

Hitz gutxi idatziko baditugu, LABURTU egin behar dugu, eta informazioa galdu. Horregatik muinari heldu behar diogu. Azpidatziak itzulpen mota berezia dira; ez saiatu dena itzultzen. Ikusleak aparteko laguntzak ditu mezua ulertzeko: irudiak eta pertsonaien doinuak.

Beraz, kendu:

  • axalekoa (errepikak, betegarriak, onomatopeiak, pleonasmoak...): hitz batekin (birao batekin, adibidez) eutsi doinuari, baina ez errepikatu. Elipsia zure laguna da.:
     Oh God, it´s him, it´s the guy I told you about, fuck.
     Hostia, bera da, tipoa!
    
  • esan gabe ulertzen dena (irudiak laguntzen duelako, adibidez):
     It´s the last time I´m asking you this: who is this woman?
     Azken aldiz esango dizut: nor da?
    

Tokia aurrezteko, erabili:

  • hitz laburrak: ez baizu «arratsalde on!» sartzen, «kaixo!» idatzi. Zilegi da hiponimoak (hitz espezifikoagoak) edo hiperonimoak erabiltzea (hitz orokorragoak):
     She was so nice. She brought me carnations
     Loreak ekarri zizkidan, ze jatorra.
    
  • forma osoak barik, erabili laburpenak:
     Will you come to my birthday party?
     Bazatoz nire festara?
    
     May we have maccaronni and cheese?
     Makarroiak, mesedez.
    
     I spent the whole afternoon at the Public Library
     Liburutegian egon nintzen
    

2. Erraz prozesatu behar dira azpidatziak. Beraz, ULERGARRI idatzi:

  • Ez erabili neologismo arrarorik. Arraroa=oso zabalduta ez dagoena
  • Ez erabili hitz konposatu konplexurik («hauteskunde boto kutxa» edo «lursagar arrautzopila» estilokorik). Oso nekezak dira prozesatzen.
  • Azpidatzi batean ez idatzi 2 pertsonaiaren hitzak baino gehiago, eta pertsonaia bakoitzarentzat lerro bat erabili. Oso laburrak badira, hirurenak sar daitezke, baina barraz bereizi:
     -What? 
     -I didn't know
     -Give it back to me now!
    
     -Zer? / -Ez nekien / -Ekarri!
    
  • Unitateak errazago prozesatzen dira zatiak baino. Bi lerroak erabili behar ditugunean saiatu ez zatitzen sintagmak.**

Ez honela:

 Banekien oso etxekoandre
 ona zela eta lortuko zuela

Honela baizik:

 Oso etxekoandre ona zen.
 Lortuko zuen, banekien. 

Ez honela:

 Oherakoan ipuinak kontatzen
 zizkidanean zoriontsua nintzen

Honela baizik:

 Ipuinak kontatzen zizkidan.
 Hura zoriona, oherakoan.

  • Ahal izanez gero, lerro bakoitzean esaldi bat.

Ez honela:

 Zenbat aldiz esan dizut etxera
 inor ez ekartzeko?

Honela baizik:

 Ez ekarri inor etxera.
 Zenbat aldiz esan dizut?

Erabili tipografia ulertzea errazteko:

  • Kanta bat bada, erabili letra etzana edo gainean [KANTA]? idatzi:

    [KANTA]? Euripean nabil kantari

  • Elkarrizketetan jarri gidoia pertsonaia bakoitzaren hitzen aurretik:
     -Zer gura zuen?
     -Ez dakit.
    
  • Eten puntuak erabil daitezke esaldiaren amaiera ezaguna denean:
     Badakizu: urrutiko intxaurrak...
    

3. BESTE AHOLKU BATZUK.

  • Zuzendu akats tipografikoak: despistagarriak eta itsusiak dira.
  • Lekua izan arren, ahal bada, laburrago egin.
  • Informazioaren parte bat galdu beharko duzu. Onartu eta muina jaso.
  • Azpidazle bikaina bazara, erreferentzia kulturalak egokitu edo sinpletuko dituzu:
     Why are you training so hard? Playing the Superbowl?
     Zer? Olinpiadetarako prestatzen?
    

Twitterlaria bazara, ez zaizu aholkuoi jarraitzea hainbeste kostatuko, baina azpidatziek 140 karaktere baino gutxiago dauzkate. Zenbat? Nire proposamena da saiatzea:

  • lerro bakoitzeko 25 karaktere erabiltzen
  • lerro bakoitza irakurtzeko 2 segundo kalkulatuta (denera 4).

Hori luza daiteke, hala ere. Gai honi buruzko literaturan proposamenak 25 ingurutik 40 inguru bitartera doaz. Edozelan ere, Bego Montorio itzultzaileak arrazoi handiz ohartarazi didanez, azpidazketan urteetan gehien erabili den (eta oraindik askok darabilten) irizpidea «sei segundoko araua» deritzona da. Horren arabera, batez besteko irakurleak 6 segundotan gehienez 70 karaktere irakurri eta ulertu ditzake. Hortaz:

  • lerro bakoitzean 35 karaktere -
  • azpidatzi bakoitza (2 lerroak) irakurtzeko 6 segundo

Nire proposamena zekenagoa izan da, bi arrazoigatik:

  1. sei segundoko araua zine pantailetarako egokia iruditu arren, orain sarri askotan gailu txikiagoetan ikusten ditugulako azpidatziak: ordenagailu eramangarriak, tabletak, smartphoneak
  2. nire preferentzia pertsonalengatik: filma azpidatziekin ikusten ari den ikusleak ahalegin gehigarri bat egin behar du, eta, beraz, neke gehigarri bat dauka, arreta aldi berean irudian eta letretan jarri behar duelako (eta ez ikusi bakarrik, dekodetu ere egin behar du idatzita dagoena). Zenbat eta gehiago arindu lan hori, eta irudian zenbat eta interferentzia gutxiago egin, goxoagoa esperientzia (jakina, mezu ulergarri bat ematen badiogu).

Beraz, esandakoa: baimena daukagu lerro bakoitzean gehienez 35 karaktere erabiltzeko, gutxiago bada, hobe, baina ezta bat ere gehiago!


Editatzeko, erabiltzaile izena da 5 eta pasahitza 7, letrekin eta letra xehez: editatu orri hau help , subscribe