Berriak | Katalogoa | Espero ditugunak | Foroa | Wikia | Honi buruz

Azpitituluen katalogoan garbiketa erradikala: 700etik 400 film luzetara

Azpitit ¦ 2016-02-07 ¦ 11:44 ¦

Azpitituluen katalogoan garbiketa erradikala: 700etik 400 film luzetara

Gure azpitituluen katalogoa, 700 filmetik 400era jaitsi da azken orduetan, bat-batean. Ez da istripu bat izan, baizik eta erabaki kontziente bat. Kalitate eskaseneko azpidatziak, Xabier Aramendi X.A.k sortutakoak, kendu ditugu. Berak pertsonalki igoak edo Freesubtitles, OpenSubtitles eta bere webgune pertsonaletik hartuak ziren 300 azpititulu horiek, eta katalogo nagusitik desagertu dira jada.

Webgune honen hastapenetan, apenas dozenatxo batzuk azpititulu geneuzkanean, X.A. film asko kargatzen hasi zen, eta asko poztu ginen. Itzulpen haietako euskara bitxi samarra iruditu arren, hain film gutxi zeuden... Apenas zegoenez boluntariorik, gehien egiten zuenari ongi etorria eman zitzaion. Euskaraketa haietako batzuen gainean, zenbait lagunek beste bertsio batzuk kargatu genituen, eta horrekin X.A. haserretu ere egiten zen, eta irainka erantzuteari ekin zion. Halako batean, hemendik ospa egin zuen, ohartarazi baikenion ez geniola jarrera hura onartuko. Dena dela, X.A.k beste toki batzuetan kargatzen jarraitu izan du filmak, eta filmak, izatez, interesgarriak zirenean, handik ere kopiatu izan ditugu.

Hala ere, kalitatearen aldetik, desastrosoak izaten jarraitu dute. Hiztegia eta ortografia bere kasara asmatzen ditu X.A.k, eta gainera, itzultzaile txarra da: esaldiak gaizki harrapatzen ditu, eta zuzenketa/orrazketarik egiten duenik ere ez dirudi sekula.

Horrez gain, besteen zuzenketak ez onartzeko jarrera horrekin, eta zenbait ekimenetan (software libreko euskaratze zenbaitetan) sartu dituen kirtenkerien haritik, esan beharra dago argi eta garbi: X.A. ez da ari ekarpenik onik egiten batere, eta bai, aldiz, eragin suntsigarri eta oker bat, azpitituluen munduan eta euskarazko softwarearen hedapenean.

Bereziki, azpititulu edo programa hauekin ikasleek eta euskara ikasten ari direnek topo egiten dutenean okerrerako baizik ezin da izan: disparate linguistikoekin eta ortografia asmatuarekin, euskara batua zuzen ikasteko garaian daudenak nahastuko ditugu.

Gorago esandako horiek egia badira, nolatan permititu izan ditugu azpititulu oker horiek hemen? Tira, webgune honen administratzaileak, Luistxo Fernandezek, mea culpa esan eta barkamena eskatu behar dizue. X.A.renak egon izan dira gure artean, lehenengo eta behin berak pertsonalki kargatzen zituelako, eta gero ba, inertziagatik eta "kopuruaren liluragatik", azpititulu askok itxura hobea ematen zutelakoan gutxik baino. Izatez, orain, haren 300 azpititulu kenduta ere 400 baino gehiago geratzen zaizkigu eta bada kopuru polita. Ez dugu esango jada zazpi urtean 700 bildu ditugula, baina bueno, aurten ez bada datorren urtean 500era iritsiko gara, eta zenbaki polit bat izango da.

Azpititulu okerren orriak ez ditugu ezabatu. Google-eko bilaketei begira, hainbeste URL ezabatzea okerra litzateke, eta film askorekin bertsio informazio zehatz berri asko gehitu izan dugu, X.A.k berak ere dokumentatu ez duena. Hortaz, eduki hori guztia katalogo nagusitik ezkutatu dugu, baina hemen gorde dugu, orri berezi batean: X.A.ren 300ak. Izatez, 300 azpititulu baino gehiago izan dira X.A.renak, baina zenbaki zinematografiko eta biribil bat denez, hor utziko dugu materialaren balio kabalistikoaren eta arkeologikoaren izenean. Bestalde, laburmetraietan eta telesailetan ere ezabatu dugu X.A.ren lana, salbu eta Game of Thrones-en kasuan (esperantza dugu horretan Canal Plus-entzako finantziatutako azpidatziak askatuko direla eta X.A.renak azpidatzi onekin ordezkatu ahal izango ditugula).

Tarteka X.A.ren azpitituluak zuzendu izan ditugu, lan handia (edo oso handia) hartuz, eta zuzendutako horiek salbatu egin dira katalogoan.

Geratzen diren azpitituluen artean denak primerako kalitateakoak direnik ere ez du esan nahi gaurko albisteak. Akatsak eta okerrak egongo dira, euskaratzaile asko itzultzaile amateurrak besterik ez gara eta. Baina inorenak gaizki topatuta, zuzentzen badituzu, lehenengo azpidazleak eskertu egingo dizu, seguro.

Canal Plus-eko hitzarmenean esperantza pixka bat jarriz, eta jendearen lan boluntarioan, ohi bezala, konfiantza edukiz, segitu dezagun munduko zinemaren katalogo euskalduna osatzen! animo lagunok!