Berriak | Katalogoa | Espero ditugunak | Foroa | Wikia | Honi buruz

Oso katalogo polita daukagu

Azpitit ¦ 2016-10-23 ¦ 11:00 ¦

Oso katalogo polita daukagu

Berrikuntza grafikoa egin diogu gure webguneari: gure katalogo nagusia erakusteko filmen kartelen iruditxoen sailkapena ere sartu dugu, zer ikusi nahi duzun aukeratzea atseginagoa egiteko, sareko beste filmoteka batzuetan egiten den bezala (adibidez Wuaki edo Isohunt jaitsierak)

Katalogo grafiko berriak ez du ordezkatzen lehengo katalogo testuala, biak hor daude. Baita urte jakin bat grafikoki edo testualki kontsultatzen badugu, edo barra alfabetikoaren bidez letra bat aukeratzen badugu: S grafikoa, S testuala.

Sailkapen alfabetikoaren kasuan, inkonsistentzia batzuk ikusiko dituzue tarteka. Goiko irudi horretan, S-z hasten direnen artean beste bi karteletan S-rekin hasten ez direnak daude: hau gertatzen da gehienbat Ekialdeko zenbait hizkuntzarekin, zeinak izenburu originalaren arabera indexatzen ditugun, baina ezaguna zaigun kartelean beste zerbait agertzen zaigu. Hungarierazko edo norvegierazko filmen batekin ere antzera gertatzen da.

Webgunearen azala ere aldatu dugu, lehen hor zeudenak orain Honi buruz / About orria bihurtu dira, eta azalean katalogo grafikoaren 1. orriaren aldaeratxo bat jarri dugu.

Honekin, uste dugu katalogoaren itxura pixkat erakargarria bihurtu dugula. Baina katalogoa ondo dago beste zerbaitegatik nagusiki: ona delako. Aste honetan Streaming Observer agerkariak kalkulatu du zer interes daukan Netflix-en AEBetako film katalogoak, nahiko pobrea delakoan. Eta egia da, pobrea da. Erkatu dute katalogo hori Netflix-eko beste herrialde batzuetakoarekin, eta IMDB datubase filmikoaren 250 film baloratuenen zerrendarekin. Apenas dauden 28 film AEBetako harpidedunen aukeran, 85 Brasilgo ikusleentzat. Ba, hara, Azpitituluak.com-eko katalogo euskaratuan, hortxe hortxe gaude, 64 film multzo horretan, 500 baino gehiago osotara.

Netflix-IMDB kalkulu hau film luzeeei dagokie, eta gure katalogo grafikoa ere atal horretakoa da. Telesailek askoz garrantzi gutxiago dute geurean (itzultzaile komunitatearen ahultasun eta txikitasunagatik), eta hori ez dugu oraingoz eraldatu, ezta laburmetraien indizea ere.