Film luzeetatik aparte: telesailetarako "metrika" bat

Luistxo Fernandez (Azpitituluak.com) — 2017/03/21 11:23:00 GMT+2

Webgune honen "kontagailu" nagusia film luzeen katalogoarena da. Uste dut horixe dela euskarazko azpidatzien mundutxoan alorrik interesgarriena, telesailen gainetik. Urtero argitaratu izan ditudan balantzeetan ere, film luzeen kopuruari begiratu izan diot, eta film horien jatorriari. Hona, adibidez, 2016 amaieran argitaratutako taula:

Hala ere, Movistar Plus-entzat egin ziren azpidatzien askapenarekin, telesail askotako materiala ere etorri da webgune honetara, eta horien kontaketa ere egin nahi izan dut nolabait. Interneten erabiltzen den termino batekin esanda, metrika bat asmatu dut film luzeak ez diren materialentzat.

Eta hona, orain arteko material horien metrika eta balantzea:

Taularen azpi-azpiko lerroa da errazena ulertzeko: labur eta erdimatraiak dira, film ez luzeak. Besteak, telesailak, zenbait modutan zenbatu daitezkeela bururatu zait.

Telesailei lotutako terminoei dagokienez... Batetik TS-URL-ak dira telesail bakoitzarekin sortzen dugun URL edo helbidea. Izatez, ideia da URL bakarrean itsasten ditugula denboraldi eta atal guztiak, erantzunen sistema erabiliz.

MS siglarekin Miniseriea esan nahi dugu. Hau da, denboraldi bakarreko eta N ataleko sail bat, bere horretan amaitzen dena, ez daukana beste urte edo denboraldi bateko jarraipenik.

TSO edo telesail osoak lirateke denboraldi anitzekoak, hau da, miniserieak ez direnak, eta horrelakoa bakarra daukagu: Twin Peaks klasikoa. Telesaila berpizten badute, akaso sailkapenean hortik kendu beharko dugu.

TSD edo telesail denboraldiak urte anitzetakoan behintzat denboraldi oso bat daukagunean da. Eta T atalak batekoak eta bestekoak osatzen dituzten episodio bakanak.

Sailkapena pixkat arbitrarioa da, eta kasuistika zabal bat ere badago telesail mota desberdinetan. Adibidez, True Detective edo Fargo telesailetan, denboraldi bakoitza miniserie bat da izatez, itxiera konpletoa duen istorio bat kontatzen baita hasieratik amaierara. Beste telesail batzuetan, hala nola Black Mirror-ren edo laster izango dugun Neil Gaiman's Likely Stories -en atal bakoitza da istorio beregain bat.

Taularen ardatz kronologikoan ikusten denez, X.A.ren itzulpen horribleak onartzen genituen garaiak gizonak telesail dexente kargatu zituen, eta haiek kendutakoan (2016. urtearen hasieran) zenbakiak jaitsi egin ziren. Aurten, ordea, Open Datakoekin, lehengo kopuruetara iritsiko gara, eta laster gaindituko ditugu.

Beste koadrotxo hau ere osatu dugu, kasu honetan laburrak eta telesail atal banakakoak kontatuz bakarrik, itzulpenaren jatorria adierazten digutenak.